ESPAZIOAREN DESKRIBAPENA

Hirabarne herrian kokatuta dagoen jolas gune hau errekaren alboan dago. Bertara iristeko, herriko frontoiaren atzealdetik abiatzen den bidea jarraitu behar da. Eskumara, Hirabarneko gaztelua ikusiko duzue, egun, ostatu itxura duena eta bost minututara hesitutako berdegune honetara iritsiko zarete.

Bertan, jolaserako ohiko egiturez gain (txirrista eta txintxaunak) bestelako egurrezko egiturak ere arkituko daitezke hala nola; oreka lantzeko egurrezko pasadizoa, rokodromo txikia, zumitzez egindako etxola, oin bakarraren gainean ibiltzeko egurrak etab.

Espazioak ibilbide itxi bat egiten du baina libre zarete nahi duzuen lekutik ibiltzeko. Errekaren alboan mahaiak daude.

Iturria eta zaborrontzia jolas gunearen sarreran daude.

BITXIKERIAK

Berdegune honetan denetariko arte eskulturak daude. Hauek Xiru jaialdiaren baitan sortutakoak dira. Horretaz gain, zuhaitz ikusgarri ugari dago bertan eta zerua garbi dagoenetan bertan ikusten dira Pirineoak.