Espazioaren deskribapena

Labirintoa eraiki arte hesiz inguratuta zegoen gune bat zen, erabilerarik gabeko belardi bat. Belardi hori aukeratu dute auzoko neska-mutikoek jolasgune bihurtzeko. Askotariko materialak erabilita eraiki dute jolaserako hainbat aukera ematen duen labirintoa. Zirkuitua bat da eta elementu independenteek osatzen dute. Pneumatikoak, enborrak eta egurrezko taulak dira elementu nagusiak, eta horiekin batera garaiera ezberdinetako bi tunel daude.

Bestelako zerbitzuak

Orain arte erabilerarik gabeko belardia izan denez ez dauka bestelako zerbitzurik inguruan. Haurrek diseinatutako jolasgunea da. Haurrak, gazteak zein helduak daude gonbidatuta bertan jolasean egitera.

Gunearen izena: Hirutxuloko jolas parkea.
Helbidea: Donostiako Egia auzoko Hirutxulo plazan.
Kokapena: herrigunean.
Estalia edo irekia: irekia.
Sarrera: doan.
Iturria: ez.
Komunak: ez.
Irisgarritasuna: oinez, bizikletaz, autoz…
Gurpildun aulkientzako irisgarria: bai.
Aparkalekua: bertan ez.

Informazio gehigarria

Egia Hezitzailea eta jolas parkea eraikitzearen bidea.

EGIAKO AUZOKIDEOK HAURREN IDEIETATIK AUTOERAIKUNTZAN ERAIKITAKO LABIRINTOA

Irutxulo plazako (Egia, Donostia) labirinto hau auzokideon artean haur eta gazteek egindako proposamenetatik sortu eta eraiki den Egia Hezitzailea lan taldearen proiektu baten emaitza da. 

Zer da Egia Hezitzailea?

Egia Hezitzailea, Egia auzoko eragile ezberdinek osatzen dugun lan taldea gara. Auzo hezitzailea dugu helburutzat eta auzoko haur eta gazteen aisialdi parte hartzaile, euskaldun, hezitzaile eta herritarrean amesteak batzen gaitu. Izan ere, haur eta gazteen ikuspegia kontuan izanda eraikitzen den auzoa, guztiontzako onuragarria den auzoa dela uste dugu.  

Auzo hezitzailea izan gaitezen ezinbestekoa iruditzen zaigu hiru zutaberen arteko elkarlana sustatzea: Hezkuntza eragileak —formalak zein ez formalak—, administrazioa publikoa eta herrigintzako eragileak.

Hori dela eta, honako eragileok osatzen dugu oraingoz lan taldea: Aitor Ikastola, Maria Reina ikastetxea, Eskola Bide segurua, Latxaga guraso elkartea, Bagera, Tabakalera, Antxeta Ttan-ttakun, Haurgunea, Egia Bizirik, Haurtxokoa, Ludoteka

Horretan gabiltza, taldea poliki poliki handitzen eta lan taldea osatzen dugun eragileon artean gure nahi eta asmoak etengabe aberasten. 

Nondik sortu da labirintoa?

Labirintoa azken hilabeteetan esku artean izan dugun proiektuaren emaitza da. 2017ko urtarrilean abiatu genuen 4 fase ezberdinetan banatutako prozesua, eta Aitor Ikastola eta Maria Reina ikastetxeko lehen hezkuntzako haur eta gazteak izan dira proiektuaren protagonista nagusiak. Auzoko espazio ezberdinak haur eta gazteen begiradatik aztertzea eta hauetan eraldaketak egitea zen proiektuaren helburua. Hauek dira eman ditugun pausoak: 

  1. Fasean auzoko espazio ezberdinak aztertu genituen
  2. Fasean ideia eta proposamenak jaso genituen eta hauen artean gauzagarriak zirenak aukeratu genituen.
  3. Fasean ideia eta proposamen gauzagarrien maketak osatu genituen.
  4. Fasea gauzatzea izan da. Kasu honetan labirintoaren eraikuntza.

Labirintoaren eraikuntzan parte hartu dute baita ere auzoko guraso ezberdinek, eta M-Etxea kolektiboa aholkularitza lanetan zein eraikuntza gidatzen ibili da.

Labirintoaren eraikuntza Olatu Talkaren barruan kokatzen den ekimena da.

Zenbat denbora zehar egongo da labirintoa eraikita?

2017ko maiatzaren 24an eraikiko da eta urte betean zehar egongo da eraikita 2018ko maiatzaren 24ra arte.

Zeintzuk dira erabilera arauak?

  • Labirintoa ondo pasatu eta esperimentatzeko espazioa da.
  • Denon artean zaindu eta mantendu behar dugu, gure atzetik datorrenak ere bertan ondo pasatzeko aukera izan dezan.
  • 5 urtetik gorakoentzako jolaslekua da.

 

 

Auzotik eta auzoarentzat egindako proiektua den aldetik, honen erabilera egiteko zein denen artean zaindu eta mantentzeko gonbidapena luzatu nahi dizuegu.