Espazioaren deskribapena

Ezkabarteko udalerrian dago Orikain, Ultzaman. Herrigunetik distantzia batera aurkitzen da jolas parkea, erreka bazterrean. Kanpinera igotzeko dagoen bidegurutzean aparkaleku txiki bat dago eta bertan utz daiteke autoa. Hori bai, tartetxo bat egin beharko dugu oinez. Pazientziaz hartu. Parkeak beste sarrera bat ere badauka, baina zailtasunak izan genituen aurkitzeko. Ez dago oso ondo seinaleztatuta. Bigarren sarrera horretan daude komunak eta iturria.

Sarrera batetik zein bestetik zatitxo bat egin beharko dugu oinez jolas parkera iristeko. Bide zabal bat da eta bizikletan edo paseoan ibili ohi da jendea bertatik.

Parkera iritsitakoan mahaiak ikusiko ditugu eta baita ere egurrarekin egindako jolaserako hainbat estrukturak. Etxetxoak, aurpegi alaia duten zuhaitzak, txori habia erraldoi bat, bi zubi, eta abar… Parke oso polita da eta berezia. Hori bai, bero handiko egunetan eguzkiak gogor jotzen du ez baitago itzalik jolaserako estrukturak dauden gunean. Txanoak, eguzkitako krema… eraman. Bertan badago iturria.

Bestelako zerbitzuak

Herri txikia da Orikain eta parkea kanpoko aldean dago. Ez dago bestelako zerbitzurik inguruan. Komunak badaude baina jolas parketik distantzia batera.

Erreka parketik gertu dago eta leku polita da urarekin zein harriekin jolasean ibiltzeko. Udako egun sargorietan freskatzeko ere bai.

Gunearen izena: Orikaineko jolas parkea.
Helbidea: Ezkabarte udalerriko Orikainen.
Kokapena: herrigunetik kanpora, Orikaineko “hondartza” delakoan, erreka bazterrean.
Estalia edo irekia: irekia.
Sarrera: doan.
Iturria: bai.
Komunak: bai, parkeko sarreran.
Irisgarritasuna: oinez, bizikletaz… Autoa kanpoan utzi behar da.
Gurpildun aulkientzako irisgarria: bai.
Aparkalekua: bai.